«Hobekunza nabarmena espero dugu bigarren seihilekorako»

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Confebask baikorra da aurtengo bigarren seihilekora begira, eta egoera ekonomikoaren «hobekuntza nabarmena» espero du. Enpresen eta kontsumitzaileen konfiantza gora egiten ari dela sumatu du, eta ekoizpen industrialaren egoera ia pandemia aurrekoa da. Krisi osteko «errebote efektua» atzematen ari da, eta, sektore guztietan eragin berdina ez izan arren, nabarmendu du industrian, zerbitzuetan eta eraikuntzan aurreikuspenak hobetzen ari direla.

Confebaskek barne ikerketetan oinarritzen ditu iragarpenak, eta, Eduardo Zubiaurre presidenteak zehaztu duenez, enpresen ia %90ek lantaldea mantentzea edo handitzea espero dute. Horiek hala, iragarri du aurten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa «%7 inguru» haziko dela, eta urte bukaeran langabezia tasa %10,5ekoa izango dela. Alde horretatik, enpresek dituzten hiru buruhauste handi aletu ditu: krisia behin betiko atzean uztea; energiaren eta oinarrizko gaien garestitzea; eta Europako Funtsen banaketa.

Egoera ekonomikoaren erradiografia egitean, Zubiaurrek luze eta zabal sakondu du «erronka demografikoan». Jaiotza tasa handitzeko neurrien «premia» nabarmendu du, eta, hala izan ezean, 30 urte barru «Euskadiko populazioaren erdia» menpeko izango dela aurreratu du; alegia, erretiratua edo lan egiteko gazteegia. Confebasken arabera, 2000. urtean populazioaren %70 lanerako adinean zegoen; egun, berriz, %62 da, orduan baino 92.000 pertsona gutxiago. Horri aurre egiteko, hiru hamarkadetan 400.000 pertsona batu beharko litzaizkioke adin multzo horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.