BIRA
Pozten direnak
Badago astelehenero harritzen den jendea. Azokari gauza bereziaren itxura ematen diote. Gehienak besterik gabe pasatzen dira arrautza bila, piper bila edo tomate bila. Batzuetan pentsatzen dut zerrendan ez dakartena ikusi ere ez dutela egiten. Haiei esker eusten diogu neguari Gernikako plazan, baina grazia, zentzurik onenean, beste batzuek egiten digute. Postu guztietan zerbait berezia ikusten duen jendea ederra da. «Arrautza hauek zerenak dira?», «ez dut sekula barazki hau ikusi», «nola prestatzen duzue hau?», «piper hauek minik ba al dute?». Eta ondokoari esplikatzen diote saltzaileek haiei esplikatzen dietena, edo haiek pentsatu dutena: «Begira, hemen espezieak ere saldu egiten dituzte». Barre egiten dute, gauzak seinalatu, argazkiak atera... Bai, badaude turistak izan gabe ere argazkiak ateratzen dituztenak. Berezia da haien azokako paseoa. Harrotasuna ematen dute, egiten ari zarenak zerbaitetarako balio duela pentsatzen duzu. Agian hori jakin badakizu, baina mespretxu guztien artean miresmen apur batek leku handia hartzen du. Egiten duguna ez da berezia, baina bizitzako beste gauza guztietako moduan, guk ere behar dugu gure lanak preziorik ez duela esaten duen jendea. Poza ematen digun jendea eta guk egiten dugun lanarekin pozten dena.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.