andoni egana
HITZ ETZANAK

Urruti

2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ez da erraza munduari neurria hartzen. Talaia orok baldintzatzen digu begirada. Eta talaia hori, gehienetan, ez da naturala izaten. Mugek, hedabideek, interes politikoek... erabakitzen dute munduari nondik begiratzen diogun.

La Palma irlako sumendi bat jarioan hasi zen joan zen igandean. Astelehen goizez kezkaturik sumatu nuen inguruko edadetu bat. Hedabideei arreta eskaintzen die. Haiexek ditu azkenaldian mundurako leiho nagusi, eta albiste erauntsiak erasanda zegoen. «Lehen nahikoa desgrazia ez bazen, orain hau!». Su-adarrak eta errauts-kedarrak ia atarian sumatzen zituen. Lasai zedila esan nion. Urruti gertatu zela hori, Kanaria irletan. «Bazekiat hori adina». Irla haiek Espainia direlako eman digutela hainbesteko tabarra hedabideetan. Bi mila eta bostehun kilometrora dagoela hura guretik. Distantzia bertsura dauden Kretan edo Madeiran gertatu izan balitz sumendiarena, ia guk jakin ere egin gabe pasatuko zela berria.

Bekainak harrotu, etsia hartu, eta arrazoia eman zidan. Baina isilaldi baten ondoren, bereari eutsi zion, galdera bihurria eginez: «Hik ba al dakik, ba, Kretan sumendirik baden ere?». Isildu egin behar izan nuen. Erabaki nuen hainbeste Labi, hainbeste laba eta hainbeste labek ez diotela guztiz kamustu adimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.