andoni egana
HITZ ETZANAK

Ikasten

2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Gaur bukatuko da Frantziako Tourra», idatzi nuen joan zen igandeko zutabeko lehen lerroan. Igandean bertan ohartu nintzen ez zela gezurra, baina egia osoa ere ez zela. Nondik begiratzen zaion, igandean hasi egin baitzen Frantziako Tourra. Parisen hasi ere. Emakumezkoena, jakina.

2001eko udazkeneko igande batez hasi nintzen berriz ikasten. Sakanan egin zen txapelketako saio batean, entzule nintzen ni, eta Maialen Lujanbiok hiru bertso on bota zituen bakarkako gaian. Ez ditut zertzeladak gogoan, baina edadeko pertsona bat zen, mendi-buelta bat egitera joan bakarrik eta ondoezen bat edo sumatu zuena. Gizonezkoa ikusi nuen nik bere kontaketan. Edadetua, mendira, bakarrik... gizonezkoa baino ez zitekeen izan gure mentalitate murriztuan. Berak argitu zigun, biharamunean, emakumea zela bere mendi-jiraren protagonista. Orduan hasi nintzen begirada doitzen, baina argi dago ez dudala oraindik aski ikasi. Albiste on samarra: biharamunean inork azalpenik eman gabe, neu konturatu naizela nire hanka sartzeaz. Albiste ez hain ona: igande osoz kalean eta jendaurrean ibili naizen arren, beste inork ez didala kargu hartu.

«Liburu onetan ez dago akatsik», idatzi zuen Joxerra Gartziak bere liburu baten errematetzat. Egia. Zutabe onetan ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.