Migrazio hitzarmen baten beharra berretsi dute EBko kideek

Akordioa 2024ko maiatzerako nahi dute prest. Migratzaileen banaketa zehazteko sistema bat ezarriko luke

Margaritis Schinas EBko migrazio politiken burua eta Matteo Piantedosi Italiako Barne ministroa, atzo, Bruselan. O. H. / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak migrazioari eta asiloari buruzko hitzarmen baten beharra nabarmendu zuen atzo, Bruselan bildu zen Barne ministroen kontseiluaren ostean. Agintariek ez zuten aurrerapausorik iragarri duela bi urte Europako Batzordeak aurkeztu zuen proposamenaren gainean. Negoziazioak katramilatuta egon dira orain arte, estatuen arteko jarrera urrunengatik. Akordioa lortzeko konpromisoa berrestera mugatu zen Margaritis Schinas EBren migrazio politiken arduraduna, eta hitzarmena lortu artean epe motzerako neurriak adostera deitu zituen 27 estatu kideak.

EBk adierazi du nabarmen handitu dela migrazio fluxua aurten. 90.000 pertsona baino gehiago iritsi dira batasunera Mediterraneoaren erdiguneko itsas ibilbidetik: %50eko igoera izan da iazko kopuruaren aldean. Are gehiago handitu da Mendebaldetako Balkanetan. EBra handik heldutako migratzaileen zenbatekoa %170 handitu da.

Hain justu, Schinasek jakinarazi du EBk migrazio plan bat aurkeztuko duela Mendebaldeko Balkanetarako, eta hura abenduaren 6rako prest izatea espero du. Egun horretan goi bilera bat egingo dute Mendebaldeko Balkanetako ordezkariek eta EBkoek Tiranan, Albaniako hiriburuan.

Hitzarmen baten beharra argi utzi zuen duela bi aste Frantziako eta Italiako gobernuen arteko tirabirak ere. Parisek «ondorio oso larriak» iragarri zituen Erromak ez ziolako Ocean Viking ontziari baimenik eman Mediterraneoan erreskatatu zituen 200 migratzaile baino gehiago bere portuetan lehorreratzeko.

Italiako Gobernuak —eskuin muturrak gidatutakoa— engaiamendu handiagoa eskatu zien EBko kideei, eta azaldu zuen Erromak akordio bat lortu nahi duela herrialdera iristen diren migratzaileak EBko estatu bakoitzaren populazioaren arabera banatzeko.

Migratzaileen eta asilo eskatzaileen banaketa da hitzarmenerako gai arantzatsuetako bat. Bruselak EBra iristen diren migratzaileak 27 estatu kideen artean banatzeko sistema lotesle bat ezartzea espero du migrazio hitzarmenarekin, eta, horrez gain, migrazio fluxuen jatorrizko eta tarteko herrialdeekin elkarlana estutzea, batasunaren kanpo muga indartzea, eta Mediterraneoan pertsonen bilaketa eta erreskate operazioak hobeto koordinatzea.

Egiturazko esparrua

«Ez genuke krisitik krisira lan egin behar», adierazi zuen Schinasek. «Gure helburua da arkitekto lana egitea egiturazko hitzarmen europar global bat lortzeko migrazioaren eta asiloaren inguruan». Hitzarmen hori 2024ko maiatzerako prest izateko konpromisoa hartua du EBk. Hau da, batasunean legealdia amaitzen denerako.

Akordio hori gauzatu artean, baina, «borondatezko elkartasun mekanismoarekin» moldatu behar du EBk, Schinasen iritziz. «Eztabaidatuko dugu nola ezarri daitekeen praktikan elkartasun mekanismoa». Batzordeko presidenteordearen esanetan, erreminta «badabil, baina azkarragoa bihurtu behar da».

Frantziak sistema horretatik kanpo kokatu zuen bere burua, Italiarekin sortutako gatazkaren ondorioz. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren esanetan, ez dira mekanismora itzuliko estatu guztiek akordioak eta nazioarteko zuzenbidea errespetatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.