andoni egana
HITZ ETZANAK

Gorputza

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Satirei anatomia deitzen omen zitzaien aspaldi batean. Eta badakigu satiren helburua zein den: adarra jotzea, iseka egitea, jopuntuan harrapatzen duena txiki-txiki eginda uztea... Larrutzea.

Gorputza izan, guztiok dugu, ordea, bana. Nori zuzendu orduan satirak edo anatomiak? Gainerakook bezala gorputz bana izanda, egoerak edo jatorriak hala ahalbidetzen dielako, gehiago direla uste dutenei. Auto batek pasadan zipriztintzen duen polizia ikusteak grazia egiten zuen zinema mutuaren garaietan; arbelera abiatu eta koxkan estropezu egiten duen irakasle tenteak barrea eragiten dio umeari; hitzaldia eten eta bragetari helduta komunera presaka batean doan politikariak barre algarak sortzen ditu bere jarraitzaile sutsuenen artean ere. Agintean dagoenak ere gorputz bat baduela bistatzeak zoriontsu egiten gaitu gainerako gorpuzdunak.

Aldarea apaizek; atrila politikariek; oindun mikrofonoa bertsolariok. Babesen bat beti behar izaten dugu anatomiarik ez diezaguten egin. Mahai baten atzean eserita azaldu ziren Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendaria euren arloan sortu diren xextrei buruz erantzutera. Salaketa batzuk badira zutik eta biluzik defendatu beharrekoak. Niri, irudiak gorputzaldi txarra utzi zidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.