andoni egana
HITZ ETZANAK

Ordaindu

2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Heldu berria zen bera lagunarte hartara. Lehen aldian ez zen gehiegi harritu. Bigarrenean poz hartu zuen, hilabete amaiera zen eta patrikak ongi zulatuak zeramatzan. Hirugarrenean ez zen ausartu deus esatera. Laugarren edo bosgarren aldian ausartu zen kuadrillako beste lagun bati zerbait galdetzera. Zergatik ordaintzen zuen beti-beti Martinek? Zergatik uzten zioten?

«Ez kezkatu horregatik!», erantzun zion lagunak. «Berak nahi izaten du ordaindu. Dirua gainetik kendu beharra dauka nolabait». Hark kontatu zion Martinek pixkana hartu zuela aita apurka uzten zihoan aginte maila, familiakoen enpresan. Orain diru asko mugitzen zuela. Lana beltz egiten zuela, eta, askotan, beltzean kobratutako dirua ibiltzen zuela sakelan. Horregatik ordaintzen zituela kuadrillakoen tragoak, senitarteko guztien otorduak, despedida festetako gastuak eta gainerakoak. Diru hura bestela enplegatzerik ez zeukalako.

Eguarte hartan horrelakorik ez zela gertatuko erabaki zuen. Komunerako aitzakian, terrazatik tabernarantz jo, eta berak ordaindu zuen lagunen hamaiketakoa, Martin ezertaz ohartu baino lehen. Inozente hutsa ote zen pentsatu zuen kartera ateratzerakoan. Baina Maiatzaren Lehena zen. Langileen eguna. Eta duintasuna duintasun da, inozoa denean ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.