Beroarena kenduta ere nahikoa kontu irakatsi dizkigu abuztuak. Usurbilgo eliza nagusiko organoaren zatirik handiena Iparraldetik heldu zela, Bidarte ingurutik, ikasi nuen nik, esaterako.
Bazen norbait Albert l`Espee baroia. Diruduna izateaz gain melomanoa zen oso. Musikazaletasunak eraginda, sei-zazpi organo jarriarazi zituen Frantziako bere hainbat bizilekutan. 1907an, Ilbarraizko jauregirako organo berezia eskatu zion Charles Mutini, garai hartako organogile entzutetsuenari. Egin zion. Eta harro erabili zuen baroiak, inguruetako eta urrutietako handikientzat musika emanaldiak antolatzeko. Askietsi ezin entzute hutsaz, eta berak ere jotzen omen zuen organo hura. Inprobisatu egiten zuen Wagnerren operak oinarritzat hartuz. Musika arranditsuak une are arranditsuagoak behar zituela, eta txakur mordoxka bat leziatua zeukan, inprobisazioaren une gorenean, seinale xaxatzaile bat egin eta zaunka has zitezen. Klimaxaren klimaxa.
Hurrenkerak ez du beti zertan bera izanik, eta ikasi eta ikusi egin nuen egun segidakoetan. Ikusi nituen, Rubiales nagusiaren diskurtsoan, klimax uneetan, txalo jotzen zuten morroi esanekoak. Baina txakurrak leialagoak horretan ere, ez okela eta ez hezur geratzeko arriskua sumatu zutenean, atzera egin zuten morroiek...

HITZ ETZANAK
Zaunka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu