andoni egana
HITZ ETZANAK

Bila

2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zutabegileek ere denboraldiaurrea egin behar luketela bururatu zaio gaur goizean. Idaztea gihar kontua ere badela, eta idazteko behar den gihar hori nagitu egiten dela hilabeteren buruan. Jardun beharrik ezak begi-belarriak kamustu dizkiola jabetzen da. Eta bila dabil, nondik hasiko. Egunkaria du lehen euskarria. Lehen orriko lehen albistea.

«Konstituzioaren beste interpretazio bat nahi du Urkulluk, erabakitzeko gaitasunarekin». Puf! Idazketa-giharra lantzen hasteko ariketa gogorregia. «Proposatu du 'konbentzio konstituzional bat' adostea Espainiako Gobernuarekin urtebeteko epean, 'estatuaren plurinazionaltasunean' aurrera egiteko. Madrilek 'zilegitzat' jo du proposamena». Denboraldiaurrerako gehitxo. Konstituzioa, berrinterpretazioa, Urkullu, erabakitzeko gaitasuna, Espainiako Gobernua, plurinazionaltasuna... Nagitutako giharra doitzen hasteko eremu ezinezkoa. Entrenatzaileak erritmo geldo-geldoan zelai berean bueltaka eta bueltaka jarri izan balu bezala sentitu da.

Zorionez, zutabegileak ez du aginduko dion entrenatzailerik. Bizkor egin dio gogoak jauzi albiste nagusitik ertzeko txiki batera. Garesi buruzkoa da. «Erromesak erruz harrizko zubi erromanikoan». Poesia. Detektatu du. Hasi da giharra berreskuratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.