andoni egana
HITZ ETZANAK

Ramuntxo

2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ostegun gauez bota zuten ETBren gaztelerazko katean. Sumatu nuen aldez aurretik filmaren iragarkia eta galdu ezin diren horietakoen usaina hartu nion. Izenburua zuen Misión Pais Vasco eta aktore lanetan aritu zirenak ez nituen ezagutu. Gutxienekoa da. Filmaren haria: Paristik Baionara etorri eta denda txiki bat erosi nahi du askoz ere handiagoa den enpresa batek bere negozioa han jartzeko, eta horretarako iruzurra du bide. Hasiera horretatik sortuko dira gaizki ulertu, borroka, amodio eta gainerakoak.

Iragarkian sumatzen zen modura, ordu eta erdian egin daitezkeen hanka sartzeen marka hautsi zuen pelikulak. Zinez irrigarri bihurtzeraino negargarri ez balitz. Luis Mariano iparraldeko kantari eredu; kalimotxoa bertako edari nagusi; toreroak ikur; Irrintzina lehiaketa bat Sud Ouest-en lehen orrialdean iragarria; Ezpeletako piperrekin egindako marmitakoa; protagonistaren kartzelaldia eta borroka armatua... Ezerk ez zuen ez hanka ez buru. Mila Iparralde desberdin izan daitezke, baina halakorik ez da.

Eta ETBk eman egin zuen! Barregarriegia zen haserretzeko ere. Baina nago Hegoaldeko euskal herritar askok irentsi zuela eta ezerk ez ziela krak! egin begi-belarrietan. Hori bera zen aski arrazoi, badaezpada, ez emititzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.