andoni egana
HITZ ETZANAK

Txortena

2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Badira hitz batzuk gazteleratik datozenak, baina gaztelerak galdu ondoren euskarak gorde dituenak. Gu baino ez gara joaten komun-era, etxepeko guztientzat bera zen leku hartara. Erdaldunek servicio, baño, váter... edo dena delakoan egiten dituzte egitekoak. Mesanotxea-rekin gertatzen zaigu antzeko zerbait. Guri natural irtengo zaigu, nahiz eta esamodu euskaldunagoak izan. Baina gazteleraz ari zarela «en la mesanoche» esaten baduzu barre-algararen batekin erantzungo dizute.

Txortena hitzarekin korapilatu ginen atzo. Batzuk piper asko jan zituzten, eta besteek gutxi; txortenak ziren plater ertzetan lekuko. Gazteleraz hasi zen bat rabo gora eta rabo behera. Txortena izendatzeko bestelako modurik behar zuela eta bila hasi ginen. Ez alferrik! Ez genuen asebetetzen gintuenik aurkitu. Pedúnculo baino xumeagoko eta rabito baino jasoagoko zerbait behar luke gaztelerak, tomateek eta txapelek daukaten zera hori izendatzeko...

Euskara noranahikoa egin nahian eman dugu urte mordoa. Baina bada hitz bat, data jakin bat zehazkiago esanda, premia denean erdaraz esango nukeena. Gaurko data, hain juxtu. Euskaraz ari garela ere dieciocho de julio esateari ez genioke utzi behar. Datozen belaunaldiek ahantz ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.