HITZ ETZANAK

Aholkuak

andoni egana
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Hartzeko jertsea badaezpada, hoztu egingo duela goizaldera; polorik ez jateko, izotza baino ez direla, erosteko helatua; bero denean garondoa urez freskatzeak on egiten duela; ez uzteko etxeko argiak piztuta, ez garela Iberdueroko sozio; labeak asko jaten duela eta zartagina erabiltzeko; telebista itzali gabe lo hartzea aberatsen kontua dela...

Etxean ikasi genituen horiek. Ez daukagu gogoraraziko diguten gobernuen beharrik. Baina horretantxe ari zaizkigu. Zer jan eta edan behar dugun, gastuak nola murriztu, beroari edo hotzari nola urre egin... irakasten. Mendebaldeko gobernu hauek badute abilidade berezi hori: interbenitu behar luketen kontuetan ez dute esku hartzen, eta esku hartzea premiazkoa ez denean interbenitzen saiatzen dira, hutsalkerietan azpimarra ipiniz.

Gas horniketa arazo bihurtu den honetan, Europako Batzordeak dio begi onez ikusiko lukeela estatuek ikatzaren eta energia nuklearraren aldeko pizgarriak ematea. Ikatza bueltan. Energia nuklearra hauspotua. Hainbeste osasun aholku horrela bukatzeko? Estatu-guraso hauek, azkartzat hartzen bagaituzte, eskuak maiz garbitzea komeni delagogoraraziko digute laster. Kokolotzat hartzen bagaituzte, berriz, pilak miaztea arriskutsua dela. Eta hartzeko aterkia, zaparrada datorrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.