andoni egana
HITZ ETZANAK

Zera hura...

2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Badoa uda. Zenbaitentzat bukatu da. Nongoa eta zer zaren. Donostiarrentzat uda ez omen da bukatzen Zinemaldia igaro arte; bertsolariontzat sanmigelek ematen diote amaiera...

Niretzat uda da, txokolatea txurroekin, basokada bat ur eta beste zera hura... aspaldian ikusi ez dudana eta izenik ere gogoan atxiki ez nuena. Zera hura... Beraneanteek egiten zuten merienda klase bera egiten genuen guk ere, udaldian behin, malekoiko terrazaren batean. Txokolatea, txurroak, basokada bat ur eta beste zera hura... Gogoan dut zer-nolakoa zen. Haur baten arra bete luzerako harri-kozkor itxurako azukrezko gozoki bat, krater tankerako zuloz betea, uretan busti ahala, urtu egiten zena. Inguruan aritu izan naiz galdezka eta inork ez zuen izendatzen asmatzen. Non, eta Urbiako artzain-txabola batean Arantzazuko ostalari batek memoria argitu zidan arte: boladuak!

Garai bateko uda haien eta handikien metafora iruditu izan zait beti boladuena. Gozoa, baina zuloz betea eta aisa urtzen dena. Gizarteak berak hartu du orain boladu tankera. Dena behera omen dator. Udazkenean ekaitza helduko omen da. Gorriak ikusteko omen gaude. Norbaitek hala nahi duelako, hasiak gaude egunero beldurretan urtzen diren boladuak gosaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.