andoni egana
HITZ ETZANAK

Ezetz

2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Adinean oso aurrera zihoan bertsolari bat kalean topatu eta bertsolari gazteak adeitasunez egin zion galdera: «Zer moduz zabiltza?». Espero ez zuen erantzuna jaso zuen: «Gaizki!». Ez «hainbestean»,ez «tirriki-tarraka» eta ez «nahi bezain ondo ez». «Gaizki» zehatz batekin erantzun zion itxurakeria eta konbentzioetatik aske sentitzen zen adineko pertsona hark, eta segidan, bere minen, ondoezen, medikuen esanen eta hartu beharreko pilulen zerrenda osatu zion. Hasierako talkari garratzegi iritzita, berriketaldia xaretze aldera, bigarren galdera egin zion gazteak: «Baina gainontzean ondo, ezta?». Inorekiko eta ezerekiko zorrik ez zuen nonbait, eta zaharrak bereari eutsi zion: «Esan ez dizut ba, ezetz!».

Eskolara itzuli behar duten honetan, haurrak ere konbentzio eta itxurakeriatatik libre izaten direla etorri zait gogora. Gurasoak piztu egin nahiko du itzuleraren nahia: «Ez daukazu gogorik eskolara itzultzeko?». Ezetz haurrak. «Ez esan ez daukazunik gogorik lagunak berriz ikusteko!». Ezetz. «Baina lagun berriak egingo dituzu!». Ezetz. «Eta ze irakasle tokatu zaizun jakin nahiko duzu ba?». Ezetz. Bere tema hitzez eta graziaz azpimarratzen ez du asmatuko haurrak. «Esan ez dizut ba, ezetz!» esaten ez daki. Baina horixe da eskolan ikasiko ez dituen gauzetako bat...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.