andoni egana
HITZ ETZANAK

Maindireak

2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Umetan, etxeko lanetan bazen bat, aldarte onez burutzen genuena. Maindireak tolestatzea. Lau esku komeni izaten ziren lan horretarako, eta haurrak gustura eskaintzen zituen bere biak. Bazuen jolasetik, bazuen koreografia minimo bat ere… Tolestura bat, bi, hiru… pare bat urrats aurrekoarengana eta listo. Gainera, toleslagunaren eskuetan uzten zenuen —amarenetan gehienetan— izara tolestua jaso eta armairuan sartzearen lan graziarik gabekoa.

Migrazio bideetan desagertu eta hildakoen izenak hari gorriz brodatzen dituzte maindire zurietan Carovane Migranti taldekoek. Mugak Zabalduz karabanaren parte da talde hori, eta, tamalez, gero eta izen gehiago ageri da izaretan. Izenak pertsona dakar; pertsonak bizimodu jakin bat; bizimodu jakin horrek munduko injustiziei buruzko gogoeta egitera behartzen gaitu. Salaketaren euskarri maindireak izatearen hautua modu sinesgarrian aurkeztu dute. Manifestazioetan-eta, pankarta batekin zoazenean jende asko urrundu egiten omen da. Baina izarak jendea erakarri egiten du nonbait. Galdezka hasten omen dira, eskertu egiten omen dute ekimena. Ez dakit askok ez diogun umetako joerari eusten. Izarak tolestu, eta norbaiten esku utzi armairuan sar ditzan. Eta etxeko lanak egin ditugulakoan, asebeterik sentitu gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.