Miren Amuriza.
BIRA

Despedidak

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Banoa lehengo batean herriko eskola dagoen etorbidean gora, eta non topatzen dudan autobus urdin bat bertan: kurtso amaierako txangoa egitera zihoan 6-7 urteko ume kuadrilla bat eta guraso, aitona-amona, zaintzaile mordoxka bat pilatu zen espaloian haiek agurtzeko: batzuk autobusean sartu orduko ahaztu ziren kanpokoez eta beste batzuk hantxe zeuden, esku-ahurrak leihoko kristaletara itsatsita (azken horietakoa nintzatekeen neu ere).

Duela urte batzuk, artean bidaiatzen ari ginela, andaluziar bat batu zitzaigun lagun bati eta bioi; ia hamabost egun eman genituen elkarrekin. Komiki-postal moduko batzuk prestatu genizkion azkeneko egunean oparitzeko eta aireportuan, chek in-a egitear gaudela, non dioskun despedidak ez zaizkiola gustatzen eta badoala. Eta joan egin zen: ez muxu, ez besarkada, ez «plazera-izan-da». Bertan birrinduko nituen postalak (nola maitale despetxatuak) lagunak korreoz bidaltzeko konbentzitu izan ez banindu. Agur-erritotxoei dagokien tartea eskaini zalea bainaiz ni, gauzak zarratu zalea. Behin baino gehiagotan sumindu izan naiz egoera emotiboetan ezer gertatuko ez balitz lez jokatzen duen jendearekin; ordea, nago ez dela biziraupen estrategia bat gehiago besterik. Pozago ez dakit, baina beti eduki izan dut, egia esan, autobusetik gurasoak agurtzen ez zituzten lagunak ni baino trankilxeago bizi zirelako susmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.