andoni egana
HITZ ETZANAK

Gurpilak

2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ez bereziki...», erantzun nion kazetari gazteari, eta horrek harridura azaldu zuen: «Eeez?». Mingoltsaldiren bat izango nuen, baina galdera topikoari hala erantzun behar niola iruditu zitzaidan. Behazuna irensten asmatu nuen, halere, eta ez nion bota burura etorri zitzaidan hurrengoa: «Erantzunak hainbeste harritu bazaitu, zergatik egin didazu galdera hori, baietz erantzun nezan?».

«Bidaiatzea gustuko al duzu?» zen ditxosozko itauna. Eta ez nion egia egiarik erantzun. Esan nezakeen baietz, gustatzen zaidala niretzat ezohiko lekuak direnak ezagutzea, bertakoen bizimoduaren berri izatea, eguneroko martxan etenaldi bat egitea, zinemaren bidez etxeko bihurtu zaizkigun urrutiko gauzak bertatik bertara ikusi ahal izatea, munduaren beste puntan ezagun batekin topo egin eta gero bueltan kasualitatearen handia kontatu ahal izatea...

Hori hala izanik ere, bidaiatzea hain gustuko izateak eta atsegin hori hain jakintzat emateak sortzen dit zer pentsatua. Asteazken-ostegun santu egunez, balkoira irten beharrik gabe sumatu ditut gure herrira datozenak. Izan ere, bidaiariek, turistek edo dena delakoek —komenentziara hartuko du bakoitzak bere burua—, lekuen hotsak ere mudatu egiten dituzte, tarra-tarra-tarra, maleten gurpil soinuaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.