andoni egana
HITZ ETZANAK

Txartelak

2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Duela hamabost-hogei urte, ahozkotasunari buruzko hitzaldiren bat ematera joaten nintzelarik, teknikariak edo hitzaldiaren antolatzaileak galdera nobedosoa egiten zidan: «Erabiliko duzu power-pointik?». Ezetz erantzuten nien, ahozkotasunari buruzkoa zela hitzaldia, banuela aski konfiantza nire esanindarrean eta entzuleen ulermen gaitasunean. Gainera, tximetaraino nengoen euskarri berriaren laguntzaz hitzaldi bat ematen hasi eta lagungarri behar zuena —orain katigatu, orain aurrera, ez atzera, pixka bat gehiago...— etsai eta komunikazio eten nola bihurtzen zen ikusteaz. Badakit orain gauzak asko aldatu direla...

Ernegatu egiten nau, ordea, jendeak belarriengan zeinen konfiantza gutxi eta begiengan zenbatekoa duen frogatzeak. Telebistaz emandako Espainiako lau politikariren arteko eztabaidetan, hauek txartelak bistatzen ikustea baino kontu negargarriagorik ez nuen aspaldian sumatu. Aia eginda eskaini nahi digute den-dena. Baina aiarazi eta adierazi ez dira gauza bera. Ume inozo aspaldi izan ginen.

Gogaiturik jo nuen gure kateetariko batera. Euskarazkora. Eta bertan sumatu nuen pertsonaje bat «euskañola» bizimodu egin duena. «Nahi baduzue ahondatu gai honetan?» entzun nion. Politikariengana itzuli nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.