andoni egana
HITZ ETZANAK

Zuritu

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Iritsi da elurra gure lurretara. Ikusi ditugu Aralarko parajeak zuriz estalirik. Albistegietara argazkiak bidaltzeko ohitura duenarentzat a zer pagotxa! Elurrari ze diosal klase egin da kontua.

Ume har genezake. Takolo, Pirritx eta Porrotxen abestia daukagu horretarako. Leihotik begira jarriko gara eta elurrezko panpina ikusiko dugu; eta amona bat dantzan; eta Olentzero badatorrela. Har genezake iragan- minez, doinu sarkor baten laguntzaz. «Elurra mara-mara ari da —euria egin egiten du eta elurra ari egiten da?—, zuritu du mendia, arditxoak sartu dira hotz hotzez, txabol,txabol zaharrean». Eta har genezake umorez, doinu alai baten babesean. «Riau, riau, riau, riakataplau!» kantatuko dugu, «teilatuan elurra eta lepoan zakua» izan arren.

Inoiz ongi ulertzera iritsi ez naizena da kantu horren bukaera: «Hau dek umorea! Utzi alde batera euskaldun jendea!». Noizkoa da abestiaren letra? Zein testuingurutan idatzia? Alde batera utzi, nork nor? «Alde batera» horrek bakean uzteko esan nahi du? Ibili naiz bila eta ez dut azalpenik aurkitu. Gaurko eguna gogoetarako dela jakin arren, berandu nabilela sumatuagatik, letra egokia litzateke alderdiek erabiltzeko. «Utzi alde batera euskaldun jendea». Bakoitzak emango lioke, zer komeni zaion, adiera huraxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.