andoni egana
HITZ ETZANAK

Jardinean

2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Erkidegorako hauteskundeak udazkenerako espero nituen. Ezustean harrapatu nau apirilaren 5erako deialdiak. De Miguel auzia ez dago hain urrun; Bravorena ere ez; berria da Montairekin sortu den liskarra; are berriagoa Zaldibarko lur-jausiaren ondorioz gertatuaren kudeaketa duda-mudakoarena. Nik, gai horietaz deus gutxi dakidan honek, jeltzaleek denborarekin jokatuko zutela uste nuen, zenbat eta urrunago aferak eta hanka-sartzeak, orduan eta hobe. Baina bada zerbait nire entendimentuari ihes egiten diona...

Utzidazue goi-mailako ideiak zituen jirafaren liburutik, maiz aipatu izan dudan Jose Maria Cabodevillaren horretatik, pasarte bat hartzen. Etxalde handi batean, atera omen zion zerbitzariak etxeko nagusiari hamaiketakorako salda. Hark, dastatu ahala eta gatzik ez zeukala oihu eginez, katilua leihotik jaurti omen zuen jenioaren jenioz. Zerbitzariak, bere lanlekua galdu nahi ez, baina mutu geratzeko ere azkarregia, honela esan omen zion: «Berorrek hamaiketakoa jardinean egin nahi du, ezta?».

Hauteskundeak datozenero zerbitzari bihurtzen garela otu zait. Isildu ez gara egiten, baina gure tokia gorde nahi dugu, eta gauza gara hamaiketakoa jardinean zerbitzatzeko ere prest azaltzeko. Jeltzaleek badakitela dirudi...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.