Euskarak gorabeherak baditu; sarriago bistaratzen dira, ordea, euskararen nondik norakoak. Euskal Telebistaren hastapeneko programen izenburuari begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko: Zerotik zetara, Ahotik ahora, Hitzetik hortzera... Nondik nora genbiltzan beti. Berrogei urte joan dira ia, eta nondik nora segitzen dugu.
Eusko Jaurlaritzak kirolean euskararen erabilpena sustatzeko kanpaina bat jarri berri du abian. Asmoa ona da. Eta premia, handia. Hautaturiko leloak ezin izan dio ordea gure betiko nondik norakoari ihes egin:Euskara, bihotzetik ezpainetara. Vintage. Geza. Izenari men egiten dion leloa. Bihotza, oro har, erabiliaren erabiliz, gastatuagoa dago ehun eta hiru urteko amonarena baino; ezpainak, behialako zigilu-pegatzaile batenak bezain maiztu eta zartatuak. Eragin behar dionari nekez eragingo dio lelo horrek. Ez dio zirrararik sortuko.
Litekeena da oker ni egotea. Bihotzaren eta ezpainen arlora mugatu behar banu ere, beste bihurritu bat emango nioke leloari. Hasteko, nondik norakoak ahaztuta. Euskara: bihotza ezpain. Edo ezpainak bihotz. Edo bihotza mihi-hots. Edo mihi-hotsa bihotz. Txarrak direla? Baina nire txarrak. Ez zait inongo publizitate enpresari lana enkargatzea burutik pasatu ere egin...

HITZ ETZANAK
Ezpainetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu