andoni egana
HITZ ETZANAK

Boniatoa

2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Laurogeita bosta izango zen. Edo laurogeita seia. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian elkartzen ginen garai hartan, urtero bertsolari bat omentzera. Parte hartu nuen lehenengoetako urtean, ez dut gogoan zein zen gaia, baina boniatoa aipatu nuela, bai. Bertsoaldia amaitu eta atzealdera itzultzean, nire aldean urtetsua zen bertsolari batek ea boniatoa zer zen galdetu zidan. Ez nenkien zer zen azaltzen. Ez nuen bat sekula ikusi.

Hanka sartu ote nuen pentsatu nuen hasieran. Etxean entzundakotik ari nintzen. Gurean, boniatoa zen gerraosteko gosearen eta eskasiaren paradigma, patata falta zenean jan beharreko zerbait. Entzuleekiko harremanean erreferentzia partekatuak zein diren jakitea komeni izaten da, eta neure kasa ikertzen aritu nintzen. Ez nenbilen hain oker. Boniatoa 1939tik 1952ra Francopeko Espainian zabaldu ziren errazionamendu kartilla haietako parte zen, txitxirio, olio, bakailao eta enparauekin batera. Lasaitu egin nintzen. Ni baino puska bat zaharragoko bertsolari hark boniatoa zer zen ez bazekien, ez zen nirea errua.

Orain, telebistako sukalde programetan, merkatuan, dendan, etxean... edonon sumatzen da boniatoa. Jaki jakin batzuk memoria historikoaren parte dira ordea. Ahosabai batzuentzat mikatza da, oraindik ere, boniatoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.