BIRA
Saregileak
Ondarroan bada mural eder bat saregile baten eskuak erakusten dituena. Gure portuetako paisaian bizi izan dira saregileak: garai batean taldeka, egun banaka. Arrantzaleek itsasoan urratutako sareak josten zituzten, haiek berriz itsasora ateratzen zirenerako prest izan zitzaten. Ontziratzen zirenena izan da epika, ordea. Portuan gelditzen zirenak ez dira izan ekaitzei eta tximistei buruzko ipuinetako protagonista, ez dira ronez bustitako kantuen parte izan, ez zaie lekurik eman balea handien kontrako borroka fantastikoetan. Portuan gelditzen zirenak ikusezinak izan ziren, eta ia-ia dira. Itsasoari lotutako bizitzaz hitz egiten dugunean, ahaztu egiten gara emakumeek egindako lanaz; sarea josteak garrantzirik ez balu bezala. Ez da hori andreek portuetan egin duten lan bakarra, baina sareak josteak eutsi die herriei bizirik.
Nik ez dakit Ondarroako muralari eman berri dioten saria horregatik izan den, edo, besterik gabe, irudi ederra delako sartu duten munduko hiru muralik onenen artean. Dakidana da, ordea, aukera ederra dela hau saregileak gure itsas bizitzaren historiako lehen hiru kaxoietan gordetzeko. Guztiok ikus ditzagun eta konpon ditzagun, geure ahalez, historiaren sare zulatuak: emakumeen izenak itsasoaren hondora erortzen uzten dutenak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.