Bilboko Sociedad Bilbaina elkarteak ia berrehun urte baditu. Aurten, ordea, arazo batekin egin dute topo. Asteazkenean ziren bazkideentzat urteroko babarrun jana egitekoak. Erabaki zuten ostiralera atzeratzea, bazkide gehiago bildu ahal izateko. Garizuman gaude, ordea, eta bijilia eguna da ostirala; eta indaba soilek, okelarik gabe, ez dute halako graziarik. Aldi berean sabela berdinduta eta bekatutik salbuetsita egotea helburu, Bilboko gotzainari baimena eskatu zioten, dispentsa.
Eman egin die! Baina ez edozeren truk. Txitxietsi ezin dutenei gogorarazi die penitentzia egin beharko dutela. Eta, noraezean senti ez daitezen, gutun batean zehaztu dizkie penitentzia bideak: liburu sakratuak irakurri, limosna eman —bakoitzari kontzientziak agintzen dion adina—, karitate obrak egin —gaixoen edo premian daudenen zaintza—, erruki obrak —mezetara joan, arrosario santua errezatu—, norbere gorputza zigortu...
Bati baino gehiagori irudituko zaio pasadizoa bera txiste hutsa. Eskaera egin duenak zein erantzun duenak azaldu duten ironiarik ezak kezkatzen nau ni. Babarrun jana izaki, saiheski, urdai, odolki edo txorizo zatiei sakramentu deitzeko ohitura ere ez dute baliatu irribarre bat osteko. Oso serio hartzen dute dena. Arriskutsua da hori...

HITZ ETZANAK
Babarrun jana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu