andoni egana
HITZ ETZANAK

Inurri

2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Autoa hartu behar dut goizean goiz Larrabetzura joateko. Pereza punttu bat ematen dit urte sasoi honetan. Hotza, hezetasuna, argirik eza eta ia ordubeteko bidea. Euskal Herritik asko irten gabe munduari buelta ematen diot urtero. Gerri-gerrian. Berrogei bat mila kilometro. Den-dena kalkulatu behar honek izorratuko nau azkenean...

Konturatzen zara, gainera, planeta hau galaxia baten parte ñimiñoa dela eta galaxia hau ere ez dela unibertsoaren zati txiki bat baino. Eta zatiaren zatitxoaren zatitxoan hor gabiltzala, geldirik egoten asmatu ezinda, batetik bestera. Gogoeta beretsua egiten dut goizean goiz autobidera irten beharra daukadan bakoitzean. Trumilka doaz autoak, batzuk batera, besteak bestera, bixi-bixi, lanerako bidean. Jose María Cabodevillaren esaldi batez gogoratzen naiz: «Unibertsoa aztertzearen zientziari astronomia deitzen diogu gizakiok. Zer jakin dezake arte gotikoaz Reimseko katedralaren simitarioko bi harriren tartean bizi den inurriak?».

Geure-geurea da, nonbait, ibili beharra eta ibiliari zentzu handirik ez aurkitzea. Eragin gabeko sehaskan jaio ginenok bizimodua nolabait atera beharra daukagu, ordea. Bada aski bidesari. Bidekoak behingoz kentzea bidezkoa litzateke. Bidezko eta osasungarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.