andoni egana
HITZ ETZANAK

Soberan

2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Adimentsu eta azkarrak garela esan behin eta berriz; ez bagina bezala jokatu etengabe. Horrelako zerbait egiten dute alderdi politikoek herritarrokin hauteskunde garaietan.

Gastuaren murrizketa aldarri, ingurumenaren gainbehera kezkagai edo norbanakoaren askatasuna sakratutzat dutenek ere hanka sartzen dutela jabetuko zara. Zeuk eskatu gabe, buzoia beteko dizute propagandaz. Eta hori da gutxienekoa. Tonto-tuntuntzat ere hartuko zaituzte. Zu, koittadu hori, ez zara gai, nonbait, hauteslekura joan, eta errezela erdi itxi batzuen atzealdean dauden paperak aurkitu, hautatu, gutun-azaletan sartu eta hautes-mahaiaren aurrean aurkezteko. Errezelek errezeloa sortuko dizutela antzeman diote. Laguntza behar duzu. Eta horretarako daude eurak. Zuri laguntzeko. Etxea beteko dizute erabiliko dituzun edo ez dituzun zerrenda-paperez eta gutun-azalez. Atzo jakin genuen PSEk Aretxabaletan zinegotzirik ez lortzearen arrazoia. Soraluzeko hautagaien zerrenda zeramaten Aretxabaletako buzoietan banatu zituzten paperek. Ohartu ziren akatsaz arduradunak; ahalegindu ziren konpontzen. Baina 36 lagunentzat berandu zen. Boto baliogabe horiek erantsiz gero zinegotzi bat lor zezaketeen... akaso Lurralde Antolamenduaz ardura zatekeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.