andoni egana
HITZ ETZANAK

San Andres

2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Azaroaren 30era atzeratu dute. Ordurako igual San Andres bera aldaretik jaitsi eta ezkondu egingo da. Ordurako ehunka lagun hilko dira pateretan; etxean igogailua izango du urteetan jarri zain zegoenak; amona izango da norbait; lehian hasi gabe dauden arraunlariek denboraldia bukatu, atseden hartu, eta 2020ko udarako prestakuntza lanak hasiak izango dituzte; baxoa burutu berri duena unibertsitatean ibiliko da...

EAEko estatus berria zirriborratzen segitzeko bost hilabete gehiago eman dizkiete adituei. Sanandresak arte. Bestelako kontuekin ere gertatzen da, baina politikan ohiko bihurtzen ari da. Suhar hitz egin eta txingar aritu. Eta gainera orain udaldia nola datorren eta bat ez bada bestea oporretan izango den...

Oporrak hartzea ongi dago. Ongi dago ideiak eta asmoak suhartasun handiz defendatzea ere. Bi faktoreen nahasketak sortzen du halako eszeptismo kirats bat herritarrarengan. «Hil ala bizikoa da... eta irailetik aurrera buru-belarri ekingo diogu». Gisa horretako mezuak ez dira zabaltzen, baina hedatu egiten dira. Eta zuk, ikasi duzu dagoeneko funtsean datzana dekodifikatzen: norbaitentzat hil ala bizikoa bada ez daiteke irailerako utz. Eta irailerako utz badaiteke, norbait horrentzat hil ala bizikoa ez den seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.