andoni egana
HITZ ETZANAK

Kanpo-barru

2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Umetan, telebista etxera iritsi berritan, askotan bidaltzen gintuzten ohera umeontzat berandu zela edo erronbo bat edo biko filma botatzen zuten aitzakian. Gosari orduan beti galdera bera egiten genion amari bezpera gaueko filmaz: «Zer zen pelikula, etxe barrukoa ala kanpokoa?». Amak bazekien gure gustuen berri, eta «etxe barrukoa» erantzungo zigun beti. Aspergarriak ziren guretzat «etxe barrukoak», ez baitzen haietan ia deus gertatzen, elkarrizketa luze eta ulergaitzak baino ez baitziren. «Etxez kanpokoak» maite genituen guk, mendiak, zaldiak, indioak, tiroak, jauziak...

Kanpoko eta barruko. Badu garrantzia. Ikasi berri dut mihisea, margoak eta aulkitxo bat hartuta kanpoan —zelai batean, karrikan, fabrika baten aitzinean...— margolari lanean ari den artistaren irudia aski berria dela. XIX. mendera arte barruan egin behar izaten zuten lan, ez baitzuten modurik kanpora jo eta margoei lehortu gabe eusteko.

Heldu da udaldi bete-betea. Berripaperak mehetu egingo dira; irratiek programa «freskoak» egingo dituzte, etengabeko jijiji jajajan. Eta telebistek «etxez kanpoko» festak emango dituzte «etxe barrukoentzat». Aldatu egin zaizkit kanpo-barru umetan nituen gustuak. Festa: barrutik, ederra; kanpotik, patetiko samarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.