andoni egana
HITZ ETZANAK

Katu-mihia

2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Etengabeko gogoetagaia behar luke guretzat. Askotan rol bat jokatu beharra izaten dugula esatea ez da aski aitzakia. Besteren larruan sartzeko moduak eta moduak baitaude. Eta hori badakigu geuk eta badaki bertsozaleak ere. Esango nuke Harkaitz Canori zor diogula maskara gardenaren kontzeptua, eta esamolde ezin egokiagoa iruditzen zait gure jarduna ulertarazteko.

Maskarak gara —rol bat jokatzen ari garenean—, baina aldi berean ikusi egin daiteke nor den rol hori jokatzen ari den bertsolaria. Ez da aski imitazio soila. Entzuleari ez zaio interesatzen guardia zibil bat oholtzan. Interesatzen zaio honako edo halako bertsolarik guardia zibilarena egiteko ze talaia hartzen duen; ze jarrera; ze hizkera; ze arrazoikera. Jolas konplikatua da eta baditu bere arriskuak. Zeuretik soilik ari zarenean, diskurtsoa arrastoan eramaten ez da hain zaila. Zeu izanda besterenetik ari zarenean, zure ideologiaren josturak bistan geratzen dira…

Hori baino horma leunagoan zebiltzan itxuraz Pou anaiak eta Fernando Simon entzutetsua.Beretik ari ziren, mendizaleen galdera desegoki bati medikuak erantzun are desegokiagoa eman zionean. Katu-hankak baino garrantzitsuagoa da katu-mihia. Lakarra. Garunetik datozen ideia baldarrei nolanahi irrist egiten utziko ez diena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.