andoni egana
HITZ ETZANAK

Kokapena

2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arraun mundutik eta Pasai Donibanetik zetorren kantua, baina beste edozein kirol lehiatarako erabiltzen zen, herri-izen eta kirol nahieran aldaturik. «San Juan es tan pequeño que no se ve en el mapa, pero jugando a remo a todos les empapa». Bidenabar esanda, gazteleraz heldu zitzaigun guri kantua, eta nik behintzat empata kantatzen nuen, eta ez nion balentria kutsu handirik sumatzen arerio guztiekin berdinketa soila lortzeari. Baina berdin-berdin kantatzen genuen.

Gerora jabetu nintzen okerraz, eta oraintsu esaldi horren baitako harri-bitxiaz. Oso modan dago gaur egun, edozer dela ere —norbera, negozioa, lurraldea, ekimena— mapan jartzearen premia aipatzea. Mapan ez bazaude ez zara inor. Jarri mapan, simaurra bada ere. Eta kantu horretan, juxtu bestelako zerbait sumatzen da. Txikitasuna balio da, eta txikitasun horren ondorioz mapan ez ikustea harrotasun arrazoi. Berdin du mapan ikusezin izatea, gero, arraunean egiteko orduan, inor baino gehiago bazara.

Dakitenek diote, ez dela mundu-maparik zehaztasun osorik duenik. Batzuek bat, besteekbestea, gezurra kontatzen dutela mapa guztiek, ezinagatik batzuek, interesengatik besteek. Eta horixe da, egun, gehienen desira: norbere gezurra kontatzeko, kokapen ona lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.