andoni egana
HITZ ETZANAK

Eskuko mina

2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hala entzun diot Selektibitateko lehen azterketa eguna burutu berri duen gazte bati: «Historiako azterketari dagokionez, aski pozik irten naiz. Zortzi orrialde idatzi ditut. Eskuko minez bukatu dut...». Martxan jar zedin, telebistari saihets batean kolpetxoak ematea baino anakronikoagoa iruditu zait; ogi zatia lurrera erori, eta jasotzean muin eman beharra baino zaharragoa; autoko irratikasetea aulkipean ezkutatzen zen garaiko zerbait...

Eskolak badu ezaugarri bat: barruan hezi behar du, kanporako. Lau hormaren artean irudikatu behar da orain ikasle direnek, gerora, kanpoan ze baldintza topatuko dituzten. Simulazio ariketa erraldoi bat da hezkuntza. Edo hala behar luke...

Simulaziotik oso urrun dago zortzi orrialde eskuz idaztearen hori. Urteak eta urteak dira eskuz zortzi orrialde idatzi ez ditudala. Zuek ere ez zenuten, segur aski, premiarik izango. Orduan, zergatik 18 urteko gazteak horretara jarri? Ez dago beste erarik gaitasunak neurtzeko? Kanpoan gertatzen ez den zerbait egin behar dute barruan? Historiari buruzko ezagutza frogatzeko neurgailu xelebrea da eskuko mina. Baldin ez bada artrosiak edo artritisak atzamarrak jo dizkion zahar bat. Kasu horretan, logika du. Zenbat eta min handiagoa, orduan eta gehiago daki Historiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.