andoni egana
HITZ ETZANAK

Astindua

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ekonomia hankaz gora dabilela entzuten da batean eta bestean. Ez dakigula nora garamatzan krisi honek. Ezagutu izan dugun munduak astindu bat hartuko duela, eta ez dela erraza antzematen nor geratuko den goian eta nor behean, nor guneko izango den eta nor ertzeko.

Entzuten da, hemen eta orain falta zaizkigula, papera, beira, automoziorako piezak eta beste mila kontu. Eta entzuten da, iristen dena ere oso garesti iristen dela duela hilabete batzuekiko alderaketa eginda, lehen Txinatik edukiontzi bat ekartzea hiru mila euro kostatzen zela, eta orain, egun batetik bestera, hamasei edo hemezortzi mila euro ordaindu behar dela.

Ez dakit ze astindu klase har dezakeen munduak. Hemen, Mendebaldean, epe motzera zer gertatuko den aurreikusi daiteke. Auto-enpresa handiek, esaterako, pieza gutxiago jasotzen badituzte, maila altuko autoei erantsiko dizkiete, irabazi tarterik handiena haiekin izango dute eta. Autorik merkeenak izango dira faltako direnak. Lehen lana lortu eta lantokira joateko autoa behar duen gazteak zain egon beharko du; hirugarren edo laugarren autoaren gutizia duen aberatsari etxe atarian jarriko diote eskatu ahala. Eta hori ez da munduak astindu bat hartzea, betikoek ohikoa baino astindu handiagoa hartzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.