andoni egana
HITZ ETZANAK

Giltzari

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela ia bost urte Itxaro Bordak Argia aldizkarian idatzia: «Aditzen duenari bizitzeko poza oparitzen dio kantak, baita ahoak eman ahala hitzak hitzen ondotik bihikatzen dabilenari. Amek haurrei xuxurlatzen diete, maiteek elkarri, behartuek beraien buruei, etsipena uxatuz».

«Txiki txikitik», «Salamankara» edo «Aita Jainkoak» esanda ulertzen dugun kantuaz ari zen Itxaro Borda. Hogeigarren mendean zehar gehien kantatu izan ditugun abestietakoa izango da Salamankara estudiatzera bidali zuten gaztearen ibilerak kontatzen dituena. Eta bertso guztietan ezagunena izango da «Aita Jainkoak egin banindu, zeruetako giltzari, azken orduan jakingo nuke atea nori ireki. Lehenengo aitari, gero amari, gero anai-arreberi ta azken orduan isil-isilik nere maite politari» dioena.

Giltzak dira gako, nonbait. Baita Bilboko Abusu auzoan ere. Indarkeria matxistaren biktima izandako emakume bat etxegabetu dute, eta pisua tratu txarrak emateagatik kondenaturiko gizonaren esku utzi. Horretarako, batzorde judizialak sarrailagileari dei egin zionean, honek uko egin zion sarraila aldatzeari. Ez dakit sarrailagilea den gizonezko ala emakumezkoa; gaztea ala zaharra; diruz justu dabilen edo oso justu. Baina zerurik balitz, sarrailagile horixe nahi nuke bertako giltzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.