andoni egana
HITZ ETZANAK

Ikusteke

2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Ikustekoa izango da gaurtik aurrera non bai eta non ez; nork ez eta nork bai. Barrualdeetan musukoa derrigorrezkoa ez izateak, eta erabakia enpresa bakoitzaren esku uzteak, ekarriko du zaputzaldirik. Enpresaren batzuek guztientzako erabaki bat hartuko dute; beste batzuek, akaso, langile bakoitzaren lepo utziko dute hautua...

Pentsatzekoa da ika-mika eta haserreek norabide nagusi bat hartuko dutela. Lantokian musukoa jarri ez nahiago langileak, eta enpresak jartzera behartu, dela irudi hobea eman nahian, dela gaixoaldiak ahalik eta gehien saiheste aldera. Eta legea oraindik zehatz-mehatz ezagutzen ez badugu ere, langileak men egin beharko dio enpresaren esanari, purrustaka bada ere.

Kontrako norabidean gerta daitezkeen xextrek piztuko dute nire interesa. Demagun, jendaurreko lanean ari den langileak, molestiak molestia, musukoaz lan egin nahiago duela bere burua etengabeko arriskuan sumatzen duelako. Eta enpresak musukoa eranztera behartzen duela. Egin al izango du hori legez? «Zure aurpegi politarengatik hautatu zintudan. Irribarre horrek, masailetako txulotxo biek, zure imintzioek, asko sal zezaketela sinetsita. Ez orain tapatzen hasi!». Esan ez du egingo, baina nagusi askok pentsatuko du hori. Pandemia baino zaharragoko gaitza da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.