andoni egana
HITZ ETZANAK

Sariak

2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Hondartzako futboleko lehen final hura galdu egin genuen. 1972a izango zen. Kopa, guztiontzat bakarra. Eta dominarik ez. Baina bazen sari bana. Gurinera ere iristen ez zen margarina pote bat: Natacha. Bagindoazen hamabi-hamahiru taldekideak banan-banan ilaran gure potea jasotzera, eta kalkulatzen hasi ginen. Ez zegoen guztiontzat adina pote. Urduritasuna. Iritsiko ote zitzaidan niri? Iritsi zitzaidan. Baina bakarren bat geratu zen gabe. Drama txiki bat…

Sari txatxu hark sortu zigun ezinegona etorri zait gogora Oihana Azkorbebeitia eta Aritz Egea azaltzen diren argazkia ikustean. Bina txapelekin ageri dira. Lau txapel lau eskurentzat. Asteburuan jokatu zen mendi lasterketa irabazi zuten, eta lasterketa hori, aldi berean, Euskadiko I. Ultra Txapelketa zenez, bina txapel bakoitzarentzat. Miresten ditut biak. Merezi zituzten lau txapelak. Baina ez dakit txapel joritasun horrek mesede hainbat kalte ez dion egiten garaipenaren garrantziari. Batik bat, argazkian atzealdeko horman irakur daitekeen pintada aintzat hartuz gero: «Helburua ez da irabaztea».

«Txatxua? Gu ez gintuan ezertaz jabetu, baina sari mundiala huen Natacha potea. Urte hartantxe estreinatu ziaten Parisko azken tangoaren film hura!», bota zidan behin taldekideetan bizkorrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.