andoni egana
HITZ ETZANAK

Sinestesia

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sinestesia: literatur tropo xume eta ederrenetarikoa. Zentzumen bati legokiokeena beste zentzumen batez adieraztea. Garaipen garratza, begirada izoztua, ahots leuna, edo urdin bizia asmatu zuten lehenek, bazekiten poesiarako bideak zein diren. Goizuetako Trabukoren ezaugarri nagusia bihotz faltsua ez al zen?

Atzo, berripaper honen azken orrialdean, Miren Karmele Gomez Garmendia artistari egindako elkarrizketa zetorren. Sinestesiaduna da. Soinuak ikusi egiten ditu, eta irudietan jartzen du hori. Niretzat, sinestesia teorian eta hitzetan baino ezagutzen ez zuen honentzat, txundigarri izan ziren bere azalpenak. Bokalek kolore bana dute beretzat. Kontsonanteetan berriz, b burbuila da, r letra bihurria, m batek olatu izatera eraman dezake hitza... Bestelako mundu zabal bat ezkutatzen dela hor sumatu nuen, eta jakin-mina piztu zidan. Eta egun berean, honako hau ere irakurri ahal izan dugu: «Dantza eta musika artean, jai-giroan hasi da Euskaraldia». Sinestesia bete-betekoa. Baina horretara jarria dago mundua. Ahobizi eta belarriprest izatera animatzeko, oinbizi eta aldakaprest izan beharra dago lehenik nonbait... Amu hori aski gako bada, ongietorri sinestesia kontzeptual berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.