andoni egana
HITZ ETZANAK

Sakelakoa

2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Guraso arriskutsuen lehen belaunaldia da gurea. Aurrekoak ez bezala, unibertsitatetik pasatutakoak asko, iruditzen zaigu dena badakigula. Seme-alaben heziketa daramaten irakasleak adina bagara. Eta tartean nola seme-alabak dauden, eta haiek gureak diren, irakaslearen gainetik jartzeko inongo arazorik ez dugu.

Duela gutxi gertatu zen gure inguruko ikastetxe batean. Munduko Futbol Koparen garaia zen, eta mutiko bat sakelakoari begira harrapatu zuen gelan irakasleak eskola orduan. Ez zen lehen aldia izango, eta ikastetxeak horrelako kasuetarako hartuta zeukan erabakiari leial, sakelakoa kendu zion mutikoari goizeko lehen orduan, arratsaldera arte ez ziola itzuliko esanez. Bazkalondoan, aitarekin gerturatu zen 13-14 urteko mutikoa. Eta aitak sekulakoak bota zizkion irakasleari, semeari sakelakoa kentzeagatik. Ez zeukala inongo eskubiderik; sakelakoa zerbait pertsonala zela; matxuraren batekin azaltzen bazen, irakasleak ordaindu beharko zuela berria bere patrikatik... Eta erne ibiltzeko aurrerantzean, arazo larrietan sartu nahi ez bazuen. Egin zuena, antikonstituzionala zela! Antikonstituzionala, arraioa!

Bada esaera bat gazteleraz, batzuk besteen zigorrerako jaioak garela dioena. Ez da, nonbait, gezur-gezurra.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.