Miren Amuriza.
BIRA

Normalak

2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Nork bere herriko jaietan igartzen du batez ere Zulo Beltz fenomenoa: urtero agertzen da nerabe belaunaldi berri bat txosnetan (ezerezetik baletor lez) eta urtero desagertzen kurtsoan zehar bi, lau, hamalau ume eduki dituen kuadrilla bat (zulo beltzak irentsi izan balu bezala). Tartean beste denak: zeu, adibidez, dozena bat urte gutxiago dituzten udalekuetako ume-ohiekin (lehenengo gaupasa ofiziala egiten ari direnekin) swish-swish-a dantzatu ezinik. Orduan, nerabeetako bat begira daukazula jabetu (bai, lehengusuaren ezkontzan pajaritos dantzatu zuenean zeuk amari begiratzen zenion lez) eta, inork esan orduko, vintage samar sentitzen zarela aitortu diezu. Ezetz diotsu bigarren batek: «Zu gurekin guay». Ordea, paradoxikoki, taldetik kanpo zaudelako baieztapentzat hartu duzu haren onarpena eta keinu arraroren bat atera zaizu, antza. «O sea, azkenean, zu normala zarela oraindik», lasaitu zaitu nerabeak. Normala? «Bai, 14 urtera arte umeak izaten gara; 15etik 25era, gazteak; 25etik 35era normalak eta hortik gorakoak zaharrak». Eta hara non, Jagermeisterrarekin ezpainak belztuta dituen ume-ohi batek zeure lekuan zelan jarri zaituen, zu, diferente usteko hori. Normatibitateari izkin egiteko ez baita aski baby boom-az marmarrean aritzea; hain gutxi kotxe berria, pisuaren hipoteka eta abuztuko oporraldiaren erreserba sinatuak dituzunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.