Astearte goizalde bat izan zen Espainiar Estatuan II. Errepublika aldarrikatu zuten eguna. Litekeena da eibartarrak ordurako ajearekin egotea. Izan ere, bezperan egin zuten aldarrikapena: gaur bezalako egun batez, duela laurogeita hamabi urte. Ez dakigu akatsa, despistea, alderdiko hierarkiari desobedientzia, kasualitatez gertatu zen zerbait edo dena batera izan ote zen, baina, beste gauza askoren artean, anekdota hori utzi du Eibarrek historiarako. Umorez kontatzen den kontua izan arren, seriotik ere izan dezake (edo ez) aurreratu izanak. Beti joan behar baitu aurretik norbaitek. Gauza garrantzitsu guztiek izaten dute aurrekari bat, bezpera bat, urte batzuk lehenago gertatutako iraultza txiki bat... Bikote hausturak ere aurrez bildutako arazo askoren ondorio izaten dira askotan. Halako zerbait geratzen da aldaketa sozialekin ere. Ia ezer ez da bat-batean gertatzen: iraultzarik handienak su txikietan egosi dira auzoz auzo, herriz herri, taldez talde.
Egia da Espainiako II. Errepublikaz hitz egitean ez garela iraultzez ari, baina Eibarrek aurrea hartu zuen, eta orain ere, poz handia emangoliguke zerbaiten etorrera usaintzeak, datorrenari aurrea hartzeak, zerbait lehertuko dela igartzeak. Horretarako, balkoira bandera altxatzea baino zerbait gehiago falta zaigu, ordea.

BIRA
Aurrekariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu