andoni egana
HITZ ETZANAK

Imitatuz

2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Imitazioa efektiboa izaten da beti. Neurri bateraino. Nork ez du umetan herriko herrena imitatu? Eta auzoko hitz-totela; eta modu berezian hitz egiten zuen telebista izar hura; eta txapelari hona eta hara eragiten zion aitona... Ikasketa prozesuan garrantzitsua da imitazioa, eta grazia egiten ere badaki. Baina bere baitan agortzen den efektua da imitazioarena. Haurra ere jabetzen da horretaz, eta ez du bizitza imitatuz ematen.

Giza taldeak tematiagoak gara, eta, ondorioz, arriskutsuagoak. Urtezahar gauerdiko hamabi kanpaikadekin hamabina mahats ale irenstearena ere imitazioz sortutako zerbait omen da. Alemania eta Frantziatik bereganatu omen zuten orain ehun urte pasatxo espainiar burgesek mahatsena. Herritar xehe batzuk haien handiki izaeraz trufatzeko hasi ziren, imitazioz, mahatsak irensten. Burlaizez buruturiko jolas hartaz bapo baliatu zen, ordea, norbait. Mahats produkzioa gehiegizkoa izan zen urte batean erabat hedatu zuten jolasa...

Herri xeheari ahaztu egin zitzaion zeri eta nori egiten zion burla. Imitazio jolasa ohitura bihurtu zen. Eta ohitura, ohitura zahar. Eta bi hitz horiek elkartzen direnean segidan datozenak errespetua, begirunea... izaten dira. Hasierako asmoen kontrako zerbait, hain juxtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.