andoni egana
HITZ ETZANAK

Zatoz...

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Zerbait egin beharrean zeuden. Berandu zebiltzala jakineko kontua zen; hartu beharreko neurriei dagokienez eskas ibiliko zirela, sumatzekoa. Vatikanoak heldu dio nolabait edo Vatikanoak nolabait heldu dio elizgizonek egindako sexu abusuen gai lakarrari?

«Vademécum» bat osatu eta argitara ematea da Aita Santuak iragarri duen neurrietako bat. Susmoa hartzen nion, baina propio bila ibili behar izan dut «vademécum» arraio horrek zer esan nahi duen jakiteko. Edozein gairi buruz gutxienekoa modu azkarrean jakin dezagun gida laburra izaten da «vademécum»-a. Autoan daramagun mekanikari buruzko liburuxka, botikei erantsitako literatura argigarria, hondartzan zein txukuntasun jarrera zaindu behar dugun argitzen digun gida... izan daitezke egungo «vademécum»-ak.

Hitzaren sustraietara joanda, eta elizgizonen sexu abusuei buruz ari garela, ez dakit nik esamolderik egokiena hautatu duten. «Vademécum»-ek esan nahi baitu «zatoz nirekin». Eta nik «zatoz nirekin» hori irudikatzen dut elizgizonaren ahotan, haur babesgabe eta beldurtuari inoiz goxo eta hurrena tinko esana. Inork esan gabe noiz eta norekin joan erabakitzeko ahalmena da askatasunaren oinarri. Haurrak «utzi bakean!» oihu egiten duen unea beti iruditu izan zait miresgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.