andoni egana
HITZ ETZANAK

Herrena

2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Gu ume ginela Franco zaharra zen. Baina kostatzen ari zitzaion hiltzea. Orduko umeon kantu-antzerkien artean bat bagenuen gustukoa, betiere ezkutuan burutu beharrak eransten baitzion xarma. Antzerki modura kantatzen genuen, gutariko bat Francorena eginez hormaren kontra jarrita isilik, eta besteak kantuan —«Ahí lo tienes mírale arrimado a la pared...»— hatzaz hura seinalatuz lehenengo —«Patxikito ha ganado la gerra, gerra...»— eta eskua sudur-puntara eramanda burlaizez tururú eginez bukaeran.

Infanteria, Errusia, abiazioa eta Gibraltarko harkaitza aipatzen genituen gero, esanahia ongi ulertu gabe. Baina abesti-antzerkiaren bukaeran grazia handia egiten zigun hormaren kontrako Franco hura burumakur eta herrenka—«allá va, allá va, allá va con la pata chula... patzun, patzun, patzun»— ezkutatzeak.

Umoreak ez du balio mundua aldatzeko, baina aldatu ezin dela ohartzen zarenerako ukendu ezin hobea da. Umorez hartu beharko dugu oraingoa ere. Joan zen abuztuaren bukaeran onartu zuen Espainiako Gobernuak Francoren gorpua ohorezko toki batetik arruntagora aldatzea. Bederatzi hilabete. Pertsonok deus ez izatetik argia ikustera ematen dugun denbora gainditu du Francoren gorpuaren temak. Orain ulertzen dut herrenarena zergatik kantatzen genion...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.