andoni egana
HITZ ETZANAK

Hondartza

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Imajinatzen duzue Fakir deitzen zioten abeslari baten jardueran oinarrituriko eleberri bat idatzi behar duela-eta Zurriolako hondartza bi egun osoz Harkaitz Canorentzat bakarrik ixtea? Imajinatzen, egin beharreko paper-saltsa guztiak egin ondoren Udalak baiezkoa ematen diola? Edo Kontxako hondartza ixten dutela Xabier Silveirak A las ocho en el Bule bertan lasai-lasai idatz dezan. Edo... Donostiako erdaldunak gutxietsiak senti ez daitezen Ondarretakoa ixten dutela Muñoz Molinak Ardor guerrero eta Sánchez Ostizek Tanger Bar izkiriatu ditzaten...

Woody Allenenak harrotu ditu hautsak. Nik uste dut arte-moldeetan datzala arazoaren erroak. Istorio bat idatziz kontatu nahi duenak aski ditu beti bi ganbara: berea eta teilatupekoa. Istorioa kamera baten bidez kontatu nahi duela erabakitzen duenak gehien-gehienetan sortuko du molestia-sare handixeago edo txikixeagoa inguruan. Baina ohitu egin gara. «Kultur industria» baino oximoron beteagorik!

Hiriarentzat onuragarri izango dela? Auskalo. Askotan ez da jakiten onura nondik letorkeen. ETBk 27 ordu-ri eskaini zizkion errepikapen kontaezinei esker ez genuen Donostia sakonago ezagutu, baina Youtubeko tutorial onenarekin baino hobeto ikasi genuen arraunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.