andoni egana
HITZ ETZANAK

Casablanca

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ohitua dago doan tokira doala jendearen begiradapean sentitzen. Sinadura eskatzen dio batek baino gehiagok, eta argazki bat erregutzen asko eta askok. Zenbait txilioka ere hasten da bera azaltzen den unean. Horregatik, beti norbaitekin joaten da paseatzera, trago bat egin eta pintxo batzuk jatera, ostatura siestara... Eskertuko zukeen Donostia bakarka eta patxada handiagoz gozatu ahal izatea. Baina badaki ezin duela. Aktorea da.

Ez dio inork begiradarik tinkatu goiz osoan. Ez dio inork argazkirik edo sinadurarik eskatu. Ez da inor oihuka hasi bera iritsi denean. Lasai ibili da Donostian batetik bestera. Akaso, noizbait, bizitzako uneren batean, eskertuko zukeen norbait hurbildu eta bera lanaz galdezka hasi izana. Baina badaki hori ezinezkoa dela. Azken batean, zientzialaria da...

Demagun bigarren honek Serge Haroche duela grazia eta orain zazpi urte Fisikan Nobel saria eman ziotela. Joan zen asteko Zinemaldiaren glamourrak eta bere laborategiko lan isilak badute, ordea, topo egiten duten leku bat. Hoteleko sarreran nortasun agiria hartu dion langileak harriduraz galdetu dio: «Casablancan jaioa al zara?». Baietz erantzun dio. Eta harro erantsi: «Bateratsu heldu ginen mundura filmari emandako Oscar saria eta biok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.