andoni egana
HITZ ETZANAK

Orinala

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Ikaragarri ondo eman ziguten». Edo ez. Baina gerraurreko urteetan edo gerra sasoian jaiotako haiek adinean aurrera joan eta noizean behin etxetik kanpora otorduren bat egiten zutenean, bueltakoan xehe-mehe emango zizuten jan-edandakoen berri. Zer jan zuten sarreran, zer gero, ondoren zer eta zer otorduburuko. Harritu egiten ninduen hain xehe kontatu behar horrek. Bi plazer biltzen zituzten: jatearena eta kontatzearena. Gu «ondo eta punto»-ren belaunaldikoak ginen, gutxi-gehiago umetatik nahi genuena eskura samar izaten ohituak, eta etxetik kanpora otordu gehiago eginak, jan-edanei buruzko azalpenetan ez ginen luzatuko.

Beste belaunaldi bat iritsi da gerora. Kontatu beharrik ez dutenena. Jo eta ma geratu nintzen lagun kuadrilla bat afaltzera joan eta zerbitu berri ziguten platerekoari taldeko batek argazkia atera zion lehen aldi hartan. Ez zen platerekoan pentsatzen ari. Eta okerragoa: kamera mihi, ez zuen menuaren kontaketa egitearen plazeraz —esajerazioaz, gezur txikiez, nahi dena azaldu eta komeni dena gorde...—inoiz gozatuko.

Urak bere bidea egiten du eta ez urak bakarrik. Pentsatzekoa zen. Ikusi dut argazki bat gurasoek bidalia, bi urte eskaseko haur baten orinaleko lehen mokordoarena ere. Txalo, txalo! Originala zen. Orinala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.