andoni egana
HITZ ETZANAK

Tximinoa

2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hurbileko lagun batek, fede itsua tarteko, Darwinen eboluzioari buruzko teoria hankaz gora jartzen zuen bere logikatik. Pertsona Jainkoaren sorkuntza dela sinetsita, ez zuen bestelakorik onartzen. «Nola etorriko duk ba gizona tximinotik? Guk badiagu nahikoa urte eta urte pila horretan izan al da tximinotik gizona sortzen ikusi duenik? Inor ez nik dakidala!».

Klima aldaketaren larrialdia ukatzen dutenen artean asko dira interes hutsez ari direnak, jakina. Ez dute pribilegioz beteriko bizimodu hau inola ere aldatu nahi. Baina ez dira gutxi, berebiziko interesik ez, eta «tximinoaren logikatik» argudiatzen dutenak. «Gure bizialdian ez dugu hainbesteko aldaketarik ezagutu. Orain etorri behar al du horrek ere, bi zorok hala esan dutelako?». Pertsona horiek berak dira elurra lehen «benetan» egiten zuela esango dizutenak. Adinekoak askotan. Eskarmentuaren ahotsa.

Txanponaren ifrentzuan daude gazteak. Oro har, oso kezkaturik sumatu ditut klima aldaketarekin. Badakite larria dela. Beste eta bestelako borroketatik gatozen belaunaldietakooi harrigarri ere gertatu zaigu arazoaren aurrean azaldu duten suhartasuna. Guk gure gehienak galdu ondoren, ez dezagun izan non sartu eta non ez aholku ematen hasteko tentazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.