andoni egana
HITZ ETZANAK

Sozio?

2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Berrehun urte barru, demagun. Ume bat, ilargian egin duen laguntxo berriarekin konexio luzea burutzen ari da Mutrikutik. Luzeegia, gurasoen iritzirako. Kargu hartuko dio amak: «Hik zer uste dun/k, Ibardueron sozioak garela?».

Ez dakit berrehun urte barru konexio horiek egin ahal izateko ze energia bide erabiliko den; ez dakit ze kostu izango duen konexioak; ez dakit umeak deus ulertuko dion amari; eta segur aski, amak ere ez du jakingo gurasoen gurasoei ikasi zien esaera zaharraren sustraiak nondik datozen. Ia hirurehun urte jo beharko luke atzera, XX. mendearen erdialdera. Orduan sortu zen, 1944an, Iberduero. Etxe askotan gorriak ikusten zituzten hilaren bukaerara iristeko, eta argindar gastuak ahalik eta gehien murriztu beharra izaten zen. Horregatik egiten zien amak demanda seme-alaba haur, nerabe edo gazteei, premiazkoa ez zen argiren bat piztuta uzten bazuten: «Hik zer uste dun/k, Ibardueron sozioak garela?».

Berrehun urte barru ere Ibarduero esaten badute, seinale ona izango da. Euskaldunik gehienek Iberduerori hala deitu izan baitiote. Akaso, ibar hitza Iberia baino errazago sartzen zitzaielako belarrira. Akaso ez zebiltzan oker. Azken egunotan, argindar kostuaren ordutegiez ari direnean, «ibar orduak» aipatzen hasi dira...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.