andoni egana
HITZ ETZANAK

Malkoak

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Zientziak hartu du hauspotu bat azken pandemia honen iritsierarekin. Kudeaketa lanetan politikariak eta enparauak sumatu ditugunean, gehienok egin dugu zientziaren alde. «Zaudete isilik behingoagatik, eta utzi lanean dakitenei!» askotan pentsatu dugula esango nuke.

Hedabideak ere erakarri egin ditu zientziazaletasunak, eta lehen baino gehiagotan argitaratzen dira zientziari loturiko artikulu eta albisteak. Horrela jakin ahal izan dugu badela euskal biobanku bat, non gordetzen diren gernu, odol, azazkal, ile, giltzurrun... Gaixotasunei buruz gehiago jakiteak gaixoa hobeto artatzeko balio dezake. Edo gaitzari berari aurrea hartzeko. Badu bai, bere garrantzia, Euskal Biobankuak.

Baina zenbaitek —zientzia ulergaitz askotan— aisa egiten dugu poesiara ihes. Euskal Biobankuan ez dela malkorik gordetzen jakiteak sortu digu zirrara. Ikerketaren baterako behar direnean propio eskatzen zaizkio malkoak emaileari. Eskatu ere, inor gutxik eskatzen omen du malkorik. Azken hamar urtean hiru eskakizun baino ez. Eta nago, Euskal Biobankuan malkoek egon behar luketela, inon egotekotan. Noiz-nola-zergatik sortu ziren jakiteak etorkizunerako mesede handia egingo liguke. Eta gainera, aspertu naiz errelato hitza edonon topatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.