andoni egana
HITZ ETZANAK

Prestigioa

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Prestigioa: onespena; maila; onarpena; abantaila. Ez da beti hala izan.

Latinean ditu hitzak sustraiak. Eta aurrean zegoenarekiko begiak estu ixtearekin zuen zerikusia prestigioak jatorrian. Edo begien parean jartzen zen oihal beltz batekin. Magiarekin, azken batean. Ilusioarekin. Ez dena badela sinetsaraztearekin. Prestidigitadorea geratu zaigu orduko esanahiaren azken kondartzat. XVIII. mendean Frantzian, egun duen esanahia ematen hasi ziren hitzari. Espainiako Erregeek kopiatu egin zieten, eta hala iritsi da gure garaiotara.

Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko medikuaren hitzak esanguratsuak dira, lehen mailako arretaz eta familia medikuen eskasiaz ari dela: «Prestigiorik ez bada, ez da erakargarri izango, eta erakargarri ez bada, ez da familia medikurik izango». Prestigioa da erakartzen duena. Prestigioa gunean. Onespena; maila; onarpena; abantaila. Horrelakoxe inozoak gara pertsonak. Trukoak egin diezazkiguten premia dugu edozer miretsi ahal izateko. Prestigioan falta duena estimutan —eta lan-baldintzetan— lortu behar luke familia medikuak. Konfiantza; solasa; ardatza; arnasa... Gehienetan, hurbiltasuna da osasuna-ren errimakiderik onena. Orain, hori ahaztuxea daukagula dirudi, bai herritarrok, eta bai agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.