andoni egana
HITZ ETZANAK

Aldapa

2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Mendizale ibili hark erakutsi zigun pausoa noiz luzatu eta noiz laburtu. Eta aldapa nola igo ere berak irakatsia da, maiz ahotan zerabilen esaldi baten bidez: «Gazteok! Aldapak zaharren modura hasi igotzen, eta gazteen gisara bukatu. Gazteen modura igotzen hasten bazarete, arrisku handia dago igoera zaharren gisara bukatzeko». Bidenabar esanda, beste garai batzuetan emandako aholkua da. Egun, horrelakorik botatzen duenari zaharrekiko fobia egotziko genioke.

Urtarrilari erdia baino gehiago jan diogun honetan, konturatu naiz sekula baino gutxiagotan entzun dudala aurten urtarrileko aldapa esamolde ezaguna. Ez dakit zergatik. Agian, COVIDak erakutsi digu txikikeriak izendatu ere ez egiten; akaso, oro aldapa den lekuan aldapak aipatzea alferrikakotzat jotzen dugu; litekeena da esamoldea bera modatik pasatu izana; nire irudipena baino ez da segur aski...

Hobe gutxitan aipatzea. Lehen, urtarrileko aldaparena hitzetik hortzera entzuten zenean, bakarrik eta diruz oso urri bizi den edadetuaren lekuan jartzen nintzen. Urte osoa zaio aldapa. Urtarrilekoa ez da beste zati bat baino. Horregatik erabaki zuen arrandegira oso noizbehinka baino ez joatea. Erabakia zuen zaharrek bezala ekingo ziola aldapari... zaharren modura bukatu ahal izateko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.